Ilegalismo

Bonnoten Bandaren karikatura

Ilegalismoa Frantzian, Italian, Belgikan eta Suitzan XX. mendeko lehen urteetan anarkismo indibidualistaren garapen gisa sortutako legez kanpoko filosofia anarkista da.[1][2] Ilegalismoak argi eta garbi hartu zuen krimena bizimodutzat; berez, ez zen doktrina politikoa.

Ilegalismoak garrantzia hartu zuen 1890eko hamarkadako nahigabeak inspiratutako Europako belaunaldi batentzat. Garai hartan, Ravachol, Émile Henry, Auguste Vaillant, Michele Angiolillo edota Geronimo Caseriok krimen ausartak egin zituzten anarkismoaren izenean, "ekintzagatiko propaganda" deitutakoaren ildotik.

Max Stirnerren berekoikeriaren eraginez, ilegalismoak Clément Duval eta Marius Jacob bezalako anarkistekin hautsi zuen, lapurreta banakako desjabetzearen teoria batekin justifikatzen zutenak. Aldiz, ilegalismoak bere ekintzek ez zutela oinarri moralik behar argudiatzen zuen, hau da, legez kanpoko egintzak ez zirela ideal goren baten izenean egiten, baizik eta norberaren nahiak asetzeko helburuarekin. "Bonnoten Banda" frantziarra izan zen talde ilegalista ospetsuena.

Kritikak

Ilegalismoak eztabaida handiak eragin zituen, eta anarkismoaren esparruan erantzun zuten, batez ere langile-mugimendutik deskonektatutako banakako ekintzen gainetik anarkosindikalismoa defendatzen zutenek. Sozialista ugarik ilegalismoak mentalitate kapitalista errepikatzen zuela eta nihilismorantz egiten zuela argudiatu zuten.

Bonnoten Bandako kideak hartzeagatik atxilotu ondoren, Victor Serge, ilegalismoaren defendatzaile sutsua izandakoa, kritiko gogorra bihurtu zen. Mémoires d’un révolutionnaire et autres écrits politiques (1908-1947) bere lanean, Sergek "suizidio kolektibo" gisa deskribatu zuen ilegalismoa.[3] Era berean, 1948an, Marius Jacobek gogoeta egin zuen: "Ez dut uste ilegalismoak gizabanakoa aska dezakeenik egungo gizartean... Funtsean, ilegalismoa, matxinada-ekintzatzat hartzen dena, gehiago da izaerari buruzko gaia doktrinari buruzkoa baino "[4]

Fred Woodworth (The Match! egunkariko editorea), Joe Peacott edo Larry Gambone bezalako gaur egungo anarko-indibidualista berekoiak ere oso kritikoak dira ilegalismoarekin, haien ustetan, ez baita batere etikoa.

Erreferentziak

  1. Richard Parry. The Bonnot Gang: the history of the french illegalists. 5. orr.
  2. Doug Imrie (Anarchy: a Journal Of Desire Armed] Fall-Winter, 1994-95)
  3. Victor Serge. Mémoires d'un révolutionnaire 1901-1941, Paris, Seuil, 1951 Memoirs of a Revolutionary
  4. The "Illegalists" (Ingelesez)

Bibliografia

  • Richard Parry. The Bonnot Gang, Reel Press, 1986 (ISBN 0-946061-04-1).
  • Pino Cacucci. In ogni caso nessun rimorso", Longanesi, 1994

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1516296
  • Wd Datuak: Q1516296